Idazle

Euskaraz eta gaztelaniaz idatzi zuen Martin Ugaldek. Ipuinak eta eleberriak gaztelaniaz. Ipuinak, eleberriak eta antzerkiak euskaraz. Eta bi hizkuntzetan, maisuki. 

Guztira hamahiru ipuin-liburu, bi antzerki eta lau eleberri. Bi hizkuntzatan idatzi zuen, bakoitzari berean.  Euskaldunoi Andoainen, guraso eta ingurukoen belaunetan, edan eta ondu zuen euskaraz.

Martin Ugalderen literaturgintzari gizatasuna dario. Bizi ikusi duen hori dakar ipuinetara eta eleberrietara. Ez dira gertakari handi-mandiak. Alderantziz, eguneroko bizipenak eta han-hemen ezagutu dituen leku, giro eta gizon-emakumeak hartzen ditu oinarri. Baita gizaki baztertuak eta zokoratuak ere. Baita, nola ez, erbesteratuak ere.

IDAZLE
EUSKERAZ

Gaztelaniaz ipuingintza mendean izanik ere, ez zion uko egin euskaraz idazteari. Hala eskatzen, nonbait, barrenak.

1961ean, Iltzalleak izeneko ipuin-sortarekin azaldu zen Martin Ugalde euskal literaturara. Garai hartan zegozkion gai eta moldeez azaldu gainera.

Gerraondoa eta erbestea onartu eta garaiko gizon agertzen zaigu idazlea. Gero, ipuin eta eleberri ale gozoak eskaini dizkigu. 

Ugalderen literaturgintza ez zaio soilik edertasunari zor. Euskal literaturaren hutsune eta gabeziak osatzera jo du maiz andoaindarrak. Ama gaxo dago antzerkia idatzi zuen, esate baterako, euskara hizkuntza ezgauza zela zioten unamunotarren iritzi oker eta gaiztoak salatzeko. Euskaldunentzat egin zuen, ordea, askotan iritzi oker horiek errazegi onartzen direlako. Gisa berean, haurrentzat euskarazko irakurgairik ez zelako idatzi zituen Umeentzako kontuak eta Panpiñak.

Ugalde idazlea euskarari zor zaio.

IDAZLE
GATELANIAZ

Martin Ugalde Venezuelan egin zen idazle. Inor gutxik bezala asmatu zuen Venezuelako giroa, gizarte-arazo eta giza tipo baztertuak iruditaratzen. 

Venezuelako literaturgintzan eta bereziki ipuingintzan leku berezia du andoaindarrak. Eta Venezuelak leku berezia andoaindarraren literaturan. Horren lekuko dira, esate baterako, Un real de sueño sobre un andamio, La semilla vieja eta Las manos grandes de la niebla ipuin-sortak.

Euskal Herriak eta erbesteak ere badute ordainik Martin Ugalderen gaztelaniazko literaturgintzan: Las brujas de Sorjin eleberrian, Cuentos de inmigrantes ipuin-bilduman. 

Eleberri ausartak eta indartsuak, bai gai aldetik, bai kontaketa teknika aldetik.

Ipuin eta eleberri horiek erbestearen sustraigabetasunaren lekuko fin eta zintzo dira.

 

URTEZ URTE

1957 Un real sueño sobre un andamio. Ipuinak

1958 La semilla vieja. Ipuinak

1961 Iltzalleak. Ipuinak

1964 Las manos grandes de la niebla. Ipuinak

1964 Ama gaxo dago. Antzerkia

1965 Gurpegin aspaldi gertatua. Antzerkia

1966 Umeentzako kontuak

1968 Panpiñak. Haurrentzako ipuin eta jolasak

1973 Itsasoa ur-bazter luzea da. Kontaketa laburra

1974 Tres relatos vascos. Ipuinak

1975 Las brujas de sorjin. Eleberria

1979 Cuentos de inmigrantes. Ipuinak Las rejas están sembradas en el jardín. Eleberria argitaragabea

1984 Mantal urdina. Ipuinak

1985 Mugarri galduen itsumundua. Ipuina

1990 Bihotza golkoan. Ipuinak

1990 Itzulera baten historia. Eleberria

1994 Pedrotxo

1997 Erretiradako trena. Ipuinak

2000 Mohamed eta parroko gorria. Eleberria

2003 La semilla vieja y otros cuentos. Ipuinak

«Harrigarria euskal letretan egiten duen sarrera 1961an Iltzalleak izeneko bost ipuinen bildumarekin (…). Hasieratik Ugalde egunerokotasunari lotua ageri zaigu, ihesik egin gabe, fusilaketak, txapelokerren harrokeria, tortura, torturatuen aurreko izua, salatarien lana bezalako gai mingarriak landu egitura zehatz eta borobiletan«

K. Izagirre. 1993