Kazetari

Martin Ugalderen kazetari ibilbidea luzea bezain aberatsa da. Andoainen, Venezuelara erbesteratu aurretik, egin zituen lehen saioak El Diario Vasco egunkarian Andoaingo berri emanaz. Ehunka idazki argitaratu zituen Venezuelan bertako egunkari eta aldizkari garrantzitsuenetan, erreportaje, elkarrizketa, kronika eta abar

Erbesteko euskal aldizkarietan ere gogoz parte hartu zuen, bai idazten bai zuzendari eta bai antolatzaile: Venezuelako Euzkadi-n, Buenos Airesko Euzko Lurra eta Euzko Deya-n… Euskal Herrira itzuli ondoren aldizkari eta egunkari ugaritan eman zituen bere iritzi eta burutazioak. Beti argi, beti zorrotz. Martin Ugalde kazetari izateaz gain euskal kazetaria izan zen. Euskararen inguruko auziek eta euskararen bideak kezkatuta ez zuen atsedenik hartu euskara hutsezko egunkari bat sortu eta bideratu arte.

KAZETARI
VENEZUELAN

Martin Ugalde Venezuelak egin zuen kazetari. Kirol erreportajeak egiten hasi zen gazterik Venezuelako aldizkari eta egunkari garrantzitsuenetan: kazetari gisa batetik eta erredakzioburu, zuzendari eta edizioburu bestetik. Ugalde kazetariaren neurriaz jabetzeko, jo dezagun 1948ra, Venezuelara, militarrek estatu-kolpea jo ondoko gertakarietara. Ugalde garai hartan (1950) Elite aldizkariko erredakzioburu zen.

1960an Chicagora jo eta unibertsitate ikasketak egin zituen: kazetaritza-ikasketak. Herri-iritzi eta masa-komunikazio ikasgaietan gaitu zen bereziki. Ondoren, Caracasera itzulita, Andres Bello unibertsitatean, aldi labur batez, eskolak eman zituen gai horien inguruan. Ugalde kazetariaren begia argia da. Luma zorrotza. Venezuelako bizigiro, herritar eta lurraldeak bete-betean bildu zituen Cuando los peces mueren de sed erreportaje bilduman. Gizatasunez, gordintasunez.

KAZETARI
EUSKAL HERRIAN

Ugalde euskal kazetaria kulturaz, hizkuntzaz, herriaz arduratuta azaltzen zaigu. Kazetari sen apartaz egin zituen Hablando con los vascos eta Hablando con Chillida, escultor vasco elkarrizketa bildumak. Elkarrizketa horietan, J.M. Barandiaran, K. Mitxelena, A. Ibarrola, P. Arrupe, R. de la Sota, I. Fagoaga eta E. Chillidaren iritziak bildu zituen. Garai hartako euskal kulturaren lekukotasun paregabea.

Ezin ahaztu, elkarrizketa horiekin batera, 1970ean, Zeruko Argia-n, euskararen batasuna eta Euskara Batua hizpide eginikoak M. Lekuonari, J. San Martini, L. Akesolori, X. Kintanari, P. Lafitteri eta K. Mitxelenari. Eta ezin ahaztu han-hemen argitaratu dituen iritzi zutabe, kronika eta elkarrizketa guztiak.

 

EUSKALDUNON
EGUNKARIA

Martin Ugalde euskal kazetariak amets handirik izan badu, euskarazko egunkari batena izan du. Euskarak hedabideak behar dituelako. Asmoak Martin Ugalde izan du sustatzaile gogotsuen. 1990. urtean asmoa sendotu zelarik, administraziokontseiluko lehendakari izendatu zuten Euskaldunon Egunkaria-n. 1991. urtean plazaratu zen Euskaldunon Egunkaria. Martin Ugalde.

Honela kontatu zuen nola joan zitzaion Joxemi Zumalabe proiektuarekin: “Ikusi nuen politikoki babesa zabaltzeko babes bila zebiltzala. Eta baietz esan nion, egia esan, Joxemiren sua egiazkoa zen; zailtasunak, asko. Sinistu egin nuen. Beharbada sinistu nahi nuelako ere, ez baitzen han beste egiazko surik eta lanerako bihotzik ikusten. Diputazioko Beloki etorri zitzaidan proiektu hori ez zela posible, eta honen ordez beraiek zuten asmoa erakutsi zidan: doan zabaltzeko foileto polit baten koloreak! Kazetari bezala, aukera garbia ikusi nuen”. Baiezkoa eman zuen Ugaldek. “Euskararen bizia jokoan ikusi nuelako. Egunkari bat ez duen hizkuntzak ezin du aurrera irten. Beste gauza asko ere behar ditu oraindik, baina egunkari bat ezinbestekoa da!”.

Amets zuen euskarazko egunkari baten sortzaile izan zen, eta hil aurretik itxita ikusi behar izan zuen, eta bere burua auzipetuta, euskarari eta euskal kulturari egindako beste bidegabekeria handi baten parte.

LIBURU
GISAKOAK

1956 Imágenes de la Semana Santa en Venezuela. Erreportajea.

1963 Cuando los peces mueren de sed. Erreportaje bilduma.

1974 Hablando con los vascos. Elkarrizketa sorta.

1975 Hablando con Chillida, escultor vasco. Elkarrizketa.

1979 Bajo estos techos. Erreportajea.

1989 Batasun eta zatiketen artean. Kazetaritza lanen bilduma.

URTEZ URTE
VENEZUELAN

1947 Eusko Etxeko Euzkadi aldizkarian idatzi eta aldizkaria zuzendu zuen.

1948 Kirol erreportajeak idazten hasi zen Elite aldizkarian. Erredakzioburu egin zuten.

1950 Erreportajeak idatzi zituen El Nacional egunkariarentzat.

1954 Nosotros aldizkaria zuzendu zuen.

1960 El Farol kultur aldizkarian erreportajeak idatzi zituen. Zuzendari egin zuten.

1961 Creole Petroleum Corporation konpainiako argitalpenen arduradun egin zuten. 

Urte horietan, Venezuelako aldizkari eta egunkari gehienek eman zituzten argitara Martin Ugalderen kazetari lanak (Momento, CAL, Revista Nacional de Cultura, Zona Franca eta abar).

EUSKAL HERRIAN

1971 EAJ alderdiaren Alderdi agerkaria zuzendu zuen.

1977 Deia egunkariko euskarazko atalen arduradun izendatu zuten.

1990 Euskaldunon Egunkariako administrazio-kontseiluko lehendakari egin zuten. 

Urte horietan zenbait egunkari eta aldizkaritan plazaratu ziren Martin Ugalderen kazetari idazkiak: Zeruko Argia, El Diario Vasco, Egan, Arbola, Unescoren albistaria, Deia, Euskaldunon Egunkaria eta abar.

«2001 Sorreratik aritu zen artikulugile Euskaldunon Egunkarian, 2001ean utzi zion arte. Ugalderen kazetari estilo argi eta zehatza, azken 25 urteetan garatzen joan den euskaraz jantzirik, oso ondo isladatzen da bere literatur lanetan«

G. Aulestia. 1992

«Martin Ugalderen kazetaritza eta literatura lanak botereari egia errebelatzeko saiakerak dira. Subalternitatearen kontzientziak eta praktikak gidatu zuten haren obra. Sisifo kementsu bat izan zen Martin Ugalde«

L. Ariznabarreta. 2005

«Historia arloan, literaturan nahiz kazetaritzan egindakoak oso kontuan hartzekoak izan dira gure aurreko belaunaldiarentzat, guretzat eta ondoren datozenentzat«

Uria. 2004