Politikari

Martin Ugalde bokazioz idazle eta kazetari da, eta abertzaletasunak behartuta, politikari
—G. 
Aulestia. 1992

Eta abertzaletasunak eta euskaltzaletasunak eraginda historialari, soziolinguista, argitaldari eta abar erants genitzake

Venezuelara iritsi bezain laster, 1948an, Eusko Etxean sartu, eta, beste zenbait gazterekin batean, Euzko Gaztedi elkartea sortu zuen

Elkarteko lehendakari ere izan zen aldi batez. Handik urtebetera, Euzko Gaztedi aldizkaria argitaratzen hasi ziren. Martin Ugalde aldizkariko zuzendari izan zen. Kazetari lan horietaz gain, erbesteko Eusko Jaurlaritzaren laguntzaile ere izan zen Venezuelan. Euskal Herrira itzuli, eta Eusko Jaurlaritzako kontseilari izendatu zuten. EAJren Alderdi agerkari ofizialaren zuzendari izan zen. 1983an Eusko Jaurlaritzako Euskarazko Arazoetarako zuzendari izendatu zuten. 1985. urtean Eusko Jaurlaritza utzi zuen. Baita EAJ ere hogeita hemezortzi urtez bere alderdia izan zena.

Kritiko, independente eta zubigile izan zen Ugalde bai politikan bai gainerako esparruetan. Lizarra-Garazi ituna ilusio handiz ikusi zuen. Denbora gutxirako, baina hortxe ikusi zuen bere amets politikoa gauzatua: alderdi abertzaleen arteko batasuna. Haren azkenetako artikulu batean (Egunkaria, 1999ko ekainaren 14a), honela idatzi zuen: «Karlistetatik abiatu, Sabin eta Luis Aranarekin herri honetan Euskadi berria lehertzen da; Agirrek irekitzen du aro politiko berri bat; zentzu ernegarria duen guda ideologikoan hiltzen dira gudariak banaka, ez kolektiboki; sinbolo berri dira Durango eta Gernika, sinbolo bizi; Ajuriagerrak badu berezia duen zerbait Santoñan; Kanpion eta Irujo nafarrek asko esaten dute, Landaburu berritzaileak ere bai, Monzon klabea da, eta gertuagoxio Arzalluz eta Garaikoetxea, aldi berri eta leiala, noski, eta Santi Brouard berriagoa, eta Argala, Peixoto, hemendik dator haria». Horra Ugalderen testamentu politikoa.

MARTIN UGALDE
ETA EMIGRAZIOA

Martin Ugaldek bere baitan ezagutu zuen emigrazioa. 36ko gerrak eraginda, herria utzi behar izan zuen, eta Venezuelan bizi izan zen 20 urtez. Venezuelan, integratu egin zen, eta Euskal Herritik joandako komunitateko parte izateak eta Euskal Herria gogoan izateak ez zuen mugatu “bertakotzeko” orduan. Venezuelari “beste aberria” esaten zion.

Garrantzi handia ematen zion hartutako herrira egokitzeari, eta berak egin zuen hori. Euskal herrira etorritakoek jokabide bera izatea nahiko zukeen, hemengo hizkuntza eta kultura ezagutzea, berenari uko egin gabe.

Immigrazioa landu zuen literaturan ere, eta Venezuelan idatzitako ipuinetan ageri da gaia; esaterako, Cuentos de inmigrantes liburua egin zuen. Baina, emigrazioari begiratzeko orduan, ez zen bakarrik berak jasandakoari begira geratu; Euskal Herrira beste herri batzuetatik etorritakoekin ere izan zuen kezkarik. 2000. urtean Mohamed eta parroko gorria izeneko eleberria idatzi zuen. Ez zen ohikoa garai hartan euskal testuetan protagonista marokoar gazte bat izatea.

Martin Ugalderi behin baino gehiagotan egokitu zaio bitartekari lana egitea, betiere euskaldunen arteko gatazkak arintzeko ahaleginetan: “Alderdikeria itsuak uxatzen, lan polita dugu gure aurrean”. Ekin gazte taldeak, EAJ utzirik, bere bidea hartu zuenean. Edo arestiko glosetan ikusiak ditugun Euskara Batuari buruzko eztabaidan; eta Egunkariako sorrera-garaietako bidegurutzean. […] Bere tratuaren samurra irispideen trinkotasunarekin uztartzen dakien izaera emankorrak izango du horrekin zerikusirik.

A.Lertxundi. 1997

“Gaztetatik hil arte gizon konprometitua izan zen”. “Martin Ugalde idazle, euskaltzale eta kazetariaren konpromisoa nabarmendu behar da orain. Gazte-gaztetatik eta bere bizitzako azken urteetaraino berarekin eraman duen konpromiso hori, bizitzan hainbat lekutara eta zereginetara eraman duena. Gazteendako zerbait uztekotan eta aipatzekotan, Ugalde bezalako pertsona handiek herriaren alde izandako konpromisoa da orain azpimarratu behar dena”

M. Azkarate. 2004

«Martin Ugalde, aurren-aurrena, lagun bat izan da niretzat; bigarren, euskalduna; eta hirugarren, abertzale bat. Hiru gauza horiek niretzat gizon berezi bat egin dute. Martin Ugaldek meritu berezi bat izan du: gure historiari zentzu berri bat eman dio. Bere lanak horretan laburtzen dira, gure historiari zentzu berri bat ematea; ez nuke esango nazionala denik, baina gure kontzientzia esnatzen duen historiaren interpretazio bat egin du, eta horrek merezi du gaur eta betiko eskerrak ematea»

R. Labaien. 2004